Zer da
Zer da
Eskola Kirola eskola-umeek nahitaezko eskola-aldian, 6-16 urte bitartean, eskola-orduetatik kanpo egiten dituzten kirol jarduerak dira. Adin horietan kirola egitea oso garrantzitsua da haurren garapenerako. Batez ere, eskola-umeen heziketa integralaren barruan kokatzen direnean: heziketa sistemaren eta haren etapen helburuekin bat egiten dutenean.
Ezaugarriak eta Helburuak: Haurra erdigunean
- Denontzako: Kirol gaitasuna, generoa, maila sozio-ekonomikoa, bizitokia, jatorria… edozein dela, denontzako eskola kirola
- Kirol anitzak: Kirol aniztasunean oinarritzen dena, esperientzia eta jarduera mota desberdinak eskaintzen dituen eskola kirola.
- Ikastetxeekin: Hasierako adinetan nagusiki ikastetxeek garatzen duten eskola kirola.
- Espezializazioa ekidin: Hasierako adinetan kirol batean espezializatzea ekiditen duen eskola kirola.
- Arautua: Orientazio hezigarria bermatzeko araututa dagoen eskola kirola.
Zein jarduera proposatzen zaizkie eskola adineko haurrei Gipuzkoan?
Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero onartzen ditu eskola kirolari dagozkion programak eta jarduerak. Aldundiak, udalek, ikastetxeek, federazioek eta klubek parte hartzen dute kirol jardueretan gure haurrak aktiboak izateko eta kirol kulturan hezteko asmoz. Kirol Hastapenerako Programa etapaka, hau da, adinen arabera antolatzen da bai ikastetxeekin bai klubekin elkarlanean.
"Adin honetan berariazko jolasean jarduteak barne motibazioa handitzeaz gain, barne erregulazioa sustatzen du”
JOLASHEZI programa da lehen etapako jarduera nagusia. Ikastetxeek eskaintzen dute eta jolasa du tresna nagusia. Lehiaketarik gabeko testuingurua bermatzen du, abilezia mota desberdinak dituzten haurren partaidetza sustatuz. Hastapen Programa ere eskuragarri izango dute lehen etapako eskola-umeek.
“Kirol aniztasuna sustatzen duen, haurrentzako gertukoa den eta prozesua emaitzaren gainetik lehenesten duen testuinguru batean aritzeak onurak ditu haurren kirol ohituretan, garapen integralean, errendimenduan eta osasunean”
Multikirola programa da bigarren etapako jarduera nagusia. Ikastetxeek garatzen eta gauzatzen dute, toki-erakundeekin eta gainerako ikastetxeekin lankidetzan eta GFArekin koordinatuz. Benjamin (LH 3-4) kategorietako ikasle guztien parte hartzea bermatzea du helburu. Kirol Hastapen Programa eta Kluben eskola kirola ere eskuragarri izango dituzte etapa honetako eskola-umeek.
“Adin hauetan kirol hastapen egokia izateak errendimendu akademikoari lotutako faktoreak hobetu ditzake, eta funtsezkoa da osasun mentalerako: kirola erregulartasunez egiten duten ikasleek depresioa izateko arrisku gutxiago dute, eta sare soziala indartzen dute”
Multikirola programa da hirugarren etapako jarduera nagusia. Ikastetxeek garatzen eta gauzatzen dute, toki-erakundeekin eta gainerako ikastetxeekin lankidetzan eta GFArekin koordinatuz. Alebin (LH 5-6) kategorietako ikasle guztien parte hartzea bermatzea du helburu. Kirol Hastapen Programa, Kluben eskola kirola eta bigarren urteko alebin mailatik aurrera Errendimenduan hasteko jarduerak eskuragarri izango dituzte etapa honetako eskola-umeek.
“13-15 urtetik aurrerako etapan kirol ohiturak sendotzeko garaian gaude. Klubak eta komunitatean egon daitezken bestelako aukerak dinamizatuko dira gazteen artean bizitza aktiboa sustatzeko”
Etapa honetan eskola adineko ikasleek insitutuko ikaskideekin batera kirol modalitate ezberdinak ezagutzeko eta praktikatzeko aukera daukate Kirol Hastapen Programaren bitartez. Adin hauetan, eskola kirolaz gain, Udal kirol aukerak ere aktibatuko dira toki mailan, gertutasunez, gazteek bizitza aktiboa izan dezaten errazteko
Ikastetxeak eta klubak
Ikastetxeak oinarri: Kirol anintzak eskola orduetatik kanpo
Ikastetxeek 3 programa ezberdin garatzen eta gauzatzen dituzte toki-erakundeekin eta ikastetxeekin lankidetzan eta GFArekin koordinatuz:
- JOLASHEZI Programa - LH1-2: Jolasa tresna nagusi izanik, lehiaketarik gabeko testuinguruak bermatuz, abilezia mota desberdinak dituzten haurren partaidetza sustatzen duen programa.
- MULTIKIROLA Programa - LH3-6: Kirol jarduera anitzean oinarritzen den, prozesua emaitzen gainetik balioesten duen, haurrak erdigunean kokatzen dituen eta komunitarioa den programa.
- KIROL HASTAPEN Programa - LH1-DBH4: Kirol-modalitateak irakasteko helburua duten eta eskola kiroleko urteko programa barruan dauden jarduerak dira. Gipuzkoan urtero 40 bat jarduera eskaintzen dira.
Kluben eskola kirola: Kirol eskolen eta kluben eskaintza
Kirol ibilbide hezigarriarekin jarraitu dezaten, eskolumeek, ezin dute kirol eskolen eta kluben jarduera bakarrik egin. Jarduera hauek, Multikirola programaren osagarriak eta ez ordezkoak dira:
- KLUBEN JARDUERAK - LH3-LH6: Eskola orduetatik kanpoko jarduera antolatuak dira, oro har, astean zeharreko entrenamendu saio eta asteburuetako lehiaketez osatuak.
- ERRENDIMENDUAN HASTEKO JARDUERAK - LH6tik aurrera: Kirolean errendimendua eta kirol helburuak lortzea xede dituen kirol praktika erraztea dute helburu errendimenduan hasteko jarduerek.
- IKASTETXEAN ETA KIROL ANIZTASUNA NAGUSI - 13 urtera arte: 13 urtera arte ez dago baimendua klubetan modu esklusiboan aritzea, jarduera osagarria da. Gipuzkoako ereduak ikasleak ikastetxean mantentzen ditu 12 urtera arte, ingurune hurbilean eta ikaskideekin batera.
Nabarmentzekoak
Eskola kirol egokitua (EKE) eta inklusiboa (EKI)
Eskola Kirol Inklusiboa estrategia (EKI) inklusio estrategia bat da, ikastetxeek edota kirol klubek garatu dezaketena, aniztasun funtzionala duten 6-21 urte bitarteko haur eta gazteek Eskola Kiroleko ohiko taldeetan parte hartzea bermatua izan dezaten. Gainera, Eskola Kirol Egokitua programa (EKE) garatu da, inklusiorako baldintzak ematen ez direnean, haur eta gazteentzako jarduera fisiko eta kirol egokituko taldeak proposatuz. Inklusio ikuspegi batetik, azken helburua EKE taldeak EKI talde bilakatzea eta Multikirola Programako parte bihurtzea izango lizateke.
Topaketak, lehiaketak eta sailkapenak
Eskola Kirolean, garrantzia ez zaio ematen lehiaketaren emaitzari, ikaskuntza prozesuari baizik. Horregatik antolatzen dira topaketak, emaitza eta sailkapenik gabeko jarduerak. Oro har, astean zehar entrenamendu saioak egiten dira eta asteburuetan topaketak edota lehiaketak.
Familiak
Familien babesa ezinbestekoa da Gipuzkoako Eskola Kirola Eredua bezalako programa bat aurrera eramateko. Bai, badakigu batzutan nekeza izan daitekeela larunbat goizetan goiz jaikitzea, dena antolatzea, eta gure seme-alabei animoak ematea arazoak gainditzeko ahaleginak egiten jarrai dezaten. Baina emozioz betetako uneak ere badira, non benetan pozten gaituzten gauza asko gertatzen diren, eta gure bizitza osoan gogoratuko ditugun aztarnak gelditzen diren.