Berriak
Atzealdea Kiroldegiko gimnasioan ibilbide irisgarria landu da Koxka eta Elkartu elkarteekin
2026·05·25

Udal kiroldegiko gimnasioaren eraberritzearen baitan, espazioa irisgarriagoa izan dadin urratsak eman dira. Axier Mingo Jarduera Fisiko eta Kirol zinegotziak adierazi duenez, "jarduera fisikoa egitea herritar guztientzako eskubide izan behar luke, eta hori hala izan dadin, pausoak ematen ari gara".
Honela, Koxka eta Elkartu elkarteekin elkarlanean, kiroldegiko gimnasiorako ibilbide irisgarria landu eta sortu da. Lehenengo lanketa honetan, batez ere gerritik beherako mugikortasun arazoak dituzten eta gurpildun aulkian mugitzen diren herritarrentzako irisgarritasuna hobetzeko eta jarduera fisikoa egitea ahalbidetzeko neurriak hartu dira.
Ibilbide irisgarri horrek bere baitan hartu du gimnasiora arteko bidea irisgarria izateaz gain, behin gimnasio barruan, sei makina eta ariketak egiteko eremu bat identifikatu eta haien arteko ibilbidea egokitzea jarduera fisiko irisgarria egin ahal izateko. Horrez gain, armairu batean jasoko dira strap-soka, eskumuturreko eta orkatila-babes bereziak, giltzapean.
Identifikatu eta ingurua egokitu diren sei makina horiek eta ariketak egiteko eremua INI (Irisgarritasun Nazioarteko Ikurra) seinaleztapenarekin markatu dira. Horietan, lehentasuna izango dute mugikortasun desgaitasuna duten herritarrek.
Gimnasioko begiraleen laguntza ariketak egiteko
Gimnasioko begiraleak han dauden ordutegian, herritar hauei laguntzea egongo da beraien egitekoen artean, dela materiala eskura jartzen edo ariketak egiten laguntzen. Astelehenetik ostiralera, 10:30etik 12:00etara eta 17:30etik 20:30era egoten da begiralea gimnasioan. Hala ere, ordutegi horrretatik kanpo ere erabil daitezke makina eta eremu horiek, nahieran.
Egindako egokitzapenei esker, gimnasio eraberritua are osatuagoa egongo da. Udalak eskerrak adierazi nahi dizkie gimnasioa irisgarriago izan dadin egindako lanketa honetan laguntzaile izan dituen Koxka eta Elkartu elkarteei.
"Badakigu hau lehenengo urrats bat dela eta udal kiroldegia herritar guztientzat irisgarria izateko pausoak ematen jarraitu behar dugula", adierazi du Mingo zinegotziak. "Elkarlanean, horretan jarraitzea da gure asmoa".
Guztion ardura den espazioa
Gimnasio irisgarri eta eroso bat bermatzeko, erabiltzaile guztien laguntza eta ardura beharrezkoak dira. Irisgarritasuna mantentzeko eta igarobideak libre egon daitezen, garrantzitsua da erabilitako materiala jaso, garbitu eta dagokion tokian uztea. Horrela, espazioa seguruagoa, erabilgarriagoa eta atseginagoa izango da pertsona guztientzat.
