Berriak
Atzealdea Hernaniko Udal Jolas Igerilekuko abonamenduak maiatzaren 11tik aurrera egin ahal izango dira
2026·05·08

Aurtengo udarako Hernaniko Udal Jolas Igerilekuko (HUJI) abonamenduak egiteko epea maiatzaren 11n, astelehena, irekiko da. Lehenengo astean online izango da abonamenduak egiteko aukera. Maiatzaren 18tik aurrera, online aukeraz gain kiroldegian ere izango da abonamenduak egiteko aukera aurrez aurre (harreran edo bulegoan).
Abonatu txartelaz gain, eguneko sarrerarekin ere sartu ahal izango da Hernaniko udal jolas igerilekura (egun berean edo bezperan erosita).
Instalazioa irekitzerako sarbidea bermatzeko, tasa murrizketa eskatzeko epea maiatzaren 18tik 31ra izango da
Abonamenduen prezioak ezberdinak izango dira Hernaniko eta Astigarragako kiroldegietako abonatuentzako eta gainontzekoentzat. Izan ere, Hernani eta Astigarragako kiroldegietako abonatuek prezio berezia izango dute HUJIko abonamenduan.
Hauentzat, hauek izango dira tarifak: familiarra, 84,73 €; banakakoa, 56,08 € eta adin txikiko banakakoa, 37,05 €. Bestela, hauek dira tarifak: familiarra, 168,40 €; banakakoa, 110,87 € eta adin txikiko banakakoa, 67,29 €.
Aurten, tasa murrizketa eskatzeko asmoa duten herritarrek maiatzaren 18tik 31ra egiten badute, instalazioa ireki aurretik jasoko dute ebazpena eta sarbidea bermatua izango dute denboraldi hasieratik.
Astebete luzeagoa izango da aurtengo denboraldia
Ekainaren 11tik irailaren 13ra egongo da irekita udal jolas igerilekua, egunero 10:00etatik 20:30era. Aurten, iraileko bigarren astean ere irekita egongo da. Hala ere, astelehenetik ostiralera arratsaldez irekiko da (15:00-20:30) eta asteburuan, ohiko ordutegian. Beraz, astebete luzatuko da HUJIren denboraldia aurtengo udan.
Instalazioen edukiera 1.500 lagunekoa da. Ohi bezala, horietatik 1.000 plaza (bi heren) beti abonatuentzako erreserbatuko dira eta egunean salgai jarriko den sarrera kopurua mugatua izango da. Unean uneko okupazioaren berri jaso ahal izango da webgunean edota HUJIko sarrerako pantailan.
