Berriak
Atzealdea Hekin Egunak, era osasungarri eta aktiboan jarduera fisikoa eta kirola herrian zabaltzeko ekimen berria
2025·10·23

Hernaniko Udalak Hekin Egunak martxan jarriko ditu, "era osasungarri eta aktiboan jarduera fisikoa eta kirola zabaltzeko herrian". Axier Mingo Jarduera Fisiko eta Kirol zinegotziak azaldu du, zehatzago, zein asmo dituzten Hekin Egunek: "Herritarrak jarduera fisikoa egitera bultzatu nahi ditugu, bakoitzak bere mailan eta interesen arabera. Horrez gain, herriko baliabide naturalak eta espazio publikoak ezagutarazi eta balioan jarri nahi ditugu, kirolaren bidez komunitatea indartzeko".
Hain zuzen ere, egitasmoaren izenak berak horri egiten dio erreferentzia, Axier Mingo Jarduera Fisiko eta Kirol zinegotziak azaldu duenez: "Ekin aktibitatearekin erabat lotutako aditza da. Mila modutara ekin daiteke, bakoitzak bere neurrian, eta horixe da gure sailetik sustatu nahi duguna. Gure herriarekiko lotura eta erreferentzia egiteko, Hernaniaren H gehitu diogu ekimenari. Hortik dator Hekin ekimenaren izena eta, bere baitan antolatutako ekintzak Hekin Egunak izango dira".
Hiru hilabeteko zikloak
Gaur, Axier Mingo zinegotziak eta Esti Aldeiturriaga Jarduera Fisiko eta Kirolaren sustapenerako teknikariak abendua arteko egitaraua aurkeztu dute. Lehenengo Hekin Eguna urriaren 27an izango da, Agerre mendi lasterketa taldearekin batera antolatua. Mendi lasterketetako teknikari buruzkoa izango da, emakumeei zuzendua.
"Hiru hilabeteko zikloak proposatuko ditugu", azaldu du Mingok. "Guretzako, ezinbestekoa da jarduera fisikoa eta kirola ere era komunitarioan ulertu eta lantzea, horregatik, herriko komunitatearekin antolatu eta proposatuko ditugu Hekin Egunak, herriko kirol elkarte eta eragileekin elkarlanean". Horiek denak, nolabait, hekinzaleak izango direla adierazi du Mingok.
Gainera, herriko espazio natural eta urbanoak baliatuko dituzte Hekin Egunek, "askotan ez direnak behar bezala baliatzen. Ekintza hauen bidez, herritarrei aukera eta motibazioa eman nahi diegu espazio horiek modu osasungarrian bizitzeko eta kirol ohiturak barneratzeko", gaineratu du Mingok.
Aniztasuna jardueretan eta kolektiboei begirako proposamenak
Aniztasuna izango da Hekin Egunen beste ezaugarrietako bat, "bakoitzak bere interesen eta beharren arabera" jarduera fisikora hurbiltzeko aukera izan dezan: mendi lasterketak; gimnasioa; entrenamendu funtzionala; indarraren lanketa; orientazio probak... etabarretan aritzeko aukera eskainiko da.
Herritar kolektibo zehatzei zuzendutakoak izango dira Hekin Egun batzuk: emakumeak, gazteak, familiak edota zaintza-lanetan aritzen direnak, esaterako.
Jardueretan izena emateko, udal kiroldegiko harreran edo bulegoan egongo da aukera, edo 943 55 21 85 telefonora deituta.
HEKIN EGUNAK:
Urriak 27, astelehena: Mendi lasterketetako teknika (emakumeentzat*)
Atletismo pista, 19:00-20:00.
Azaroak 1, larunbata: Mendi lasterketa entrenamendua emakumeentzat.
Santa Barbara, 10:00-12:00.
Azaroak 16, igandea: Gipuzkoako XI. Orientazio Liga. Familientzat, herrian zehar. 09:00-14:00
Azaroak 17-28: Gazteekin osasuna eta mugimendua lantzen, herriko kirol instalazioetan.
Azaroak 21 eta 28, ostegunak: Zaintzaileak jarduera fisikoaren sustatzaile izateko prestakuntza.
Kulturarteko Plaza Feminista, 09:30-12:00.
Azaroak 22, larunbata: Entrenamendu funtzionala herrian zehar.
Udal kiroldegiko sarreran, 10:00-11:00
Abenduak 14, igandea: Oinarrizko indar entrenamendua.
Udal kiroldegiko gimnasioan, 09:00-10:30.
Abenduak 20, larunbata: Oinarrizko indar entrenamendua, emakumeentzat.
Udal kiroldegiko gimnasioan, 09:00-10:30.
